Hartz arrea (Ursus arctos), Eurasiatik eta Ipar Amerikako ipar-mendebaldetik hedatzen den karniboroen ordeneko ugaztun bat da. Urkiolako mendietatik desagertutako espeziea da eta azken hartza, guk dakigula, Eskuagatx mendiguneko Ezkillar haitzean 1871n ehizatu zen.
Urkiolako mendietan bizi izan zen azken hartzaren ehizaldiaren istorioa kontatuko dugu. Horretarako, Nestor De Goicoechea Araluce (1) idazleak jasotako Ebaristo Bustinzaren (Kirikiño) kontakizunean oinarritu gara.
1871 urtearen erdialdean kokatzen gara, urtebete beranduago guda karlista berri bat ekarriko zuen altxamendu armatu baten atarian (2). Bizkaiko biztanleak, indarrean zegoen erregimen liberalaren alde edo tradizioen mantentzea ekarriko lukeen Karlos VII.aren erregealdi asmoari laguntzearen alde zeuden eztabaidatzen zuten bitartean, guztti horren jakitun ez zen hartz bat Mañariako mendietatik noraezean zebilen. Urte eta erdi pasatxo zen Arruetako (3) neskatxa batek hartza lehenengo aldiz ikusi zuenetik. Denbora guzti horretan inguruko baserritarrek berarekin hainbat aldiz topo egin zuten, baina hartzak ez zuen arazorik eragiten eta iheskorra zenez bakean utzi zuten. Aldiz, 1871ko udaberrian eta udan hartza ganadua erasotzen hasi zen eta bere zoritxarrerako Azkondo baserriko Juan Cruz Bizkarraren bi ardi akabatu zituen. Artzaina izateaz gain, Juan Cruz basapiztien (4) ehiztari trebeenetakoa zen. Bere aztarnari gaitasun apartari esker, hartza gauetan Mañariara jaitsi ohi zela eta egunsentian Ezkillar haitzaren (5) ondoan dagoen mendi-lepo txiki belartsutik igaro ondoren Eskuagatxeko goialdera babestera itzultzen zela jakin zuen.
Mendi-lepo belartsuaren ikuspegia Ezkillar haitzetik ikusita, atzean Eskuagatxeko goiko aldea duelarik. Hartza ezker aldetik etorri zen eta lepora iristerakoan ehizatu zuten.
1871ko abuztuaren 30eko gauean, ilargi betearen argipean (6), Juan Cruz eta beste 5 artzain, denak armatuak, hartza akabatzeko asmoz Ezkillarreraino igo ziren. Egunsentian itzultzerakoan, han itxaroteko asmoa zuten. Hartza erakartzeko, mendi lepora doan bidezidorrean ahuntz bat jarri zuten eta inguruko haitzen artean ezkutatu ziren. Goizaldeko laurak aldera hartzak ahuntza erasotzen zuela entzun eta segituan beraiengana kuriositatez hurbiltzen zitzaiela sumatu zuten. Juan Cruzen agindupean urduritasunez itxaron zuten, metro gutxitara hurbildu zenean Juan Cruz bera izan zelarik heriotza berehala eragin zion tiroa burura bota ziona.
Ezkillar haitzaren ikuspegia hartza ehizatu zeneko mendi-lepo belartsuaren ondoan. Atzealdean ezkerretik eskuinera Leungana, Artzetagana eta Mugarra mendiak ageri dira.
Sarbide hurbileneraino bira-biraka jaitsi eta Mañariako udaletxean ikusgai jarri zuten, beranduago Bilbora eraman zutelarik.
96 kilo inguruko pisua izan zuen, bere haragia Bilbon saldu zen eta disekatutako larruazala Instituto Vizcainoko natur zientzietako ikasgelara eraman zuten. Gaur egun, hainbat lekualdatze eta zaharberritze neketsu baten ondoren hartza Urkiolako Parke Naturaleko Toki Alai Parketxean ikusgai dago.
Foru Aldundiak eta Mañariako Udalak Juan Cruz diruz saritu zuten eta Udalaren eskutik eskerrak emateko diploma bat jaso zuen. Hainbat aldiz bere "balentria" kontatzera Bilbora joateko gonbidapena egin bazitzaion ere, ez zen inoiz joan erabilitako armaren inguruan galderak egingo zizkiotenaren beldur. Tiroak hartzaren buruan utzi zuen zuloaren ezaugarriak ikusita, ehizarako eskopeta ezik, altxamendu karlista berriaren esperoan ezkutaturik zeuden fusiletako bat izan zitekeen.

Mañariako Udalak Juan Cruz Bizkarrari eskerrak emateko eskaini zion diplomaren irudia.
Istorio honen kontakizunean Ezkillarren ehizaturiko hartzaren sexua ez da aipatzen, baina bere pisua ikusita (96 kg inguru) eme bat ala ar gazte bat izan zitekeela ondorioztatu dezakegu. Sexuaren inguruko zalantzez gain, jendartean beste zurrumurru bat zabaldu zen ere. Batzuen ustez ijito nomaden ikuskizunen batetik ihes egindako hartz hezitu bat izan zitekeen, baina Migel Mari Elosegik Hartz arrea Pirinioetan (7) liburuan aipatzen duenez ziur aski basatia izango zen, hartz hezituari markaren bat ikusiko bailitzaioke. Hartz horiei kateatuta eramateko sudur-trenkada zulatu eta istripuak ekiditeko atzaparrak zein letaginak kamustu egin ohi zitzaizkien. Zurrumurruaren jatorria agian Kirikiñoren kontakizunaren ondorengo esaldiaz egin diren interpretazioetan dago: "Mendi horietan hartzak noizbait bizi izan badira aspaldi izango zen, inork ez baititu gogoratzen, eta bizilagunek hungariarren hartz argalak besterik ez dituzte ikusi eta..." (1).
Mañaria inguruko airetiko ikuspegia. Ezkillar haitzaren eta Juan Cruz Bizkarra bizi izan zeneko Azkondo baserriaren kokapena ikus daitezke. EITBren esteka honetan bere ondorengo batek istorioa kontatzen du baserritik bertatik.
Bizkaiko landa-eremuan, XX. mendearen erdialdera arte edota beranduagora arte ere basapiztiatzat hartzen ziren espezieen ehiza ondo ikusia zegoen, are gehiago, administrazio batzuetatik bultzatu egiten zen. Gizartea aldatuz joan da eta pixkanaka gizakiaren bizi-zikloaren partaide diren habitatak eta espezieak kontserbatzeko premiaz sentsibilizatuz goaz.
Gaur egun, hartz arrea iberiar penintsulan erabat babestutako espeziea, da, bai bizirik iraun duen tokietan (Kantauriar mendikatean) zein birsartzeak egin direnetan (Pirinioetan). Landa-eremuan, bereziki abeltzaintzan, sortzen dituen kalteak eta eragozpenak direla eta, bere kontserbazioak eztabaida handia sortzen du. Sarri, euskal mendietan jadanik desagertu egin diren espezieen birsartzeak, hartzarena adibidez, egin litezkeen galdetzen du jendeak, baina gure mendien egoera zein den aztertuta eta gure gizartearen ohiturak nolakoak diren ikusita, bizirik irauteko aukerarik ez lukete izango ziur aski. Gainditu beharreko faktoreen artean, mendietan ematen den masifikazioak, azpiegitura ugarik eragindako lurraldearen zatiketak, abeltzaintza estentsiboarekin elkarbizitzeko oztopoak eta abar aipa daitezke.

Itxian bizi den hartz arrea Cabarcenoko parkean (Cantabria).
Banaketa-maparen informazio iturria: https://fundacionosopardo.org.
Ehizatutako hartzen informazio iturriak:
(a) ABC 14-02-1909
(b) Naturmendi bloga.
(c) Fascículo nº 16 de la Enciclopedia Viva de los Pueblos de Vizcaya, "Carranza". 16-10-1974.
(d) Macizo del Gorbeia bloga.
(e) El último oso que se mató en Vizcaya.
(f) Irinmodo bloga
Erreferentziak
(1) De Goicoechea, N. 1962. Peñas de Mañaria, Ezkuba o Ezkubaratz. El último oso que se mató en Vizcaya. Pyrenaica 65: 81-87.
(1) De Goicoechea, N. 1962. Peñas de Mañaria, Ezkuba o Ezkubaratz. El último oso que se mató en Vizcaya. Pyrenaica 65: 81-87.
(3) Eskuagatxen oinaldean dagoen Mañariako auzoa.
(4) Basapiztia: mendiko animalia hezigabea, kaltegarritzat hartua dena (Harluxet hiztegii Entziklopedikoaren arabera).
(4) Basapiztia: mendiko animalia hezigabea, kaltegarritzat hartua dena (Harluxet hiztegii Entziklopedikoaren arabera).
(5) Ezkillar haitza edo Eskillarri.
(6) Ebaristo Bustinzak (Kirikiño) kontatutako istorioa jasotzen duen De Goicoechearen Pyrenaica aldizkariaren artikuluan abuztuaren 20a aipatzen da, baina Mañariako udalak Juan Cruz Bizkarrari emandako dilploman hilabete bereko abuztuaren 30a ageri da. Ziur aski benetako data 30a izan zen, ilargi betea egun horretan izan baitzen. Ehizaldirako gaurik onena hori izango zen zalantzarik gabe, dauden leize, zulo eta amildegien ondorioz ibiltzeko hain deserosoa den Ezkillar inguruan ahlaik eta argi gehien behar izango baitzuten.
(7) Elosegi, M.M. 2006. Hartz arrea Pirinioetan. Elkar.
Irudian 1871ko abuztuko ilargiaren aldiak ikus daitezke.
(7) Elosegi, M.M. 2006. Hartz arrea Pirinioetan. Elkar.
Irudian 1871ko abuztuko ilargiaren aldiak ikus daitezke.