SAN ANTONIO etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
SAN ANTONIO etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2019/02/05

URKIOLAKO "METEORITOA"

Urkiolako Santutegiaren aurrean kokatutako tamaina handiko harria, meteorito izenaz ezagutzen dena ere. Ohitura zahar baten arabera neska-laguna edo mutil-laguna lortu nahi izanez gero, ekainaren 13an, San Antonio egunean, zazpi bira eman behar dira harriaren inguruan erlojuaren orratzen noranzkoan.


Gogoan dut Parketxera Santutegi ondoko harriari buruz galdezka pertsona bat etorri zeneko egun berezi hura. Harriari ikerketa geologikorik egin ote zitzaion galdetu zuen eta berau jatorri estralurtarrekoa zela gogotsu baieztatzen zuen, hain zuzen meteorito bat zela. Behin eta berriz errepikatzen zuen unibertsitateko ikerlariren batek harriaren konposaketa aztertzera etorri beharko zuela, eta horrela bere teoria baieztatuko zela. Agian irribarre egingo dugu istorio hau irakurtzerakoan, baina jende askok harria "meteorito" izenaz ezagutzen duela esan beharra dago, espaziotik etorritako ezerezekin zerikusirik ez duela jakin arren. Agian izen horrek misterioa, ezezaguna dena edo beste mundu batetik etorritakoa gogora ekartzen digulako. Eta horretan datza hain zuzen harri-koskor bitxi honen inguruko mitoa, gaur egun oraindik jende askok ez baitu bere jatorria ezagutzen. Aurreko mendeko 20. hamarkadara jo behar dugu eta jadanik gertaera hura gogoratuko lukeen inor ez da bizirik gelditzen.
Gerediaga Elkarteko Jon Irazabal moduko historialarien ikerlana eta mugalari.info egunkari digitalen moduko dibulgazioari esker (1), jendartean oso hedatuta dauden mitoak argitzen dituzten gertaera historikoak berreskuratzen ditugu, askori ziur aski misterio eta mistizismozko estalkia galtzeak pena emango dion arren.



Irazabal Urkiolako Santutegiko artxibategia arakatzen zegoela, 1929ko La Gaceta del Norte egunkariaren egunkari-zati batek bere arreta erakarri zuen. Berri labur horretan, urte horretako azaroaren 29an garai horretan Urkiolako Santutegiaren erretore zen Benito de Vizcarrak elizaren aurreko landan edo plaza txikian harri bat kokatu zuela azaltzen da.


1920ko ekainaren 13an (San Antonio egunean) Indalecio Ojangurenek ateratako argazki honetan harria ez da ageri. Gaur egun kokatuta dagoen lekuan lurzorua oraindik lautu gabe zegoela ikus daiteke (argazkian gezi gorriz adierazita)http://hdl.handle.net/10690/83511

“Devoto antoniano” goitizenaz sinatzen zuen kazetariak horrela deskribatzen zuen harria: "harri eta harri txikiz eta errekarri eta mota askotako fosilez osoturiko konglomeratua da, zementu ez artifizialez hain modu berezian nahastu eta elkartu direnak". Albisteak dionez, "erretore nekaezinak konglomeratua ondoko mendi batean aurkitu eta plaza txikira eraman zuen, urtean zehar Santutegira datozen geologoek, ingeniariek eta ikasleek ikertu dezaten". Harri hau meteoritoa izatearen mitoa une horretatik bertatik datorrela dirudi, albistean bertan honelaxe dio eta: "Badute beraz ikerketa esparrua, megalito edo aerolito edo meteorito, eta abar, eta abarretara aritzen direnak.
Harria arretaz begiratzen badugu, burdin nodulu borobilduz eta gehien bat zuriak diren kuartzozko uharri txikiagoz osoturiko konglomeratu oso konpaktu eta gogorra dela ikusiko dugu, daukan burdinaren oxidazioaren ondorioz kolore gorrixka-laranja berezia hartzen duelarik.

Argazkian burdin nodulu biribilbuak eta tamaina txikiagoko kuartzozko uharri zurixkak ikus daitezke.

Bere jatorria, inguruko meategi batean egon daitekeela aipatu da noizbait (2), baina Xabier Murelaga geologoak (3) argitu digunez, "arroka, hurbileko Urkiolagirre mendiaren goialdeko geruza batetik eratorritakoa izan liteke; duen burdinagatik bere inguruko arrokak baino gogorragoa izango zen eta beste arrokak higatu ondoren bera geratuko zen bakarrik zelaian". Urkiolagirre mendiaren gailurrean dauden haitzetan antzeko ezaugarriak dituzten konglomeratuak ikus daitezke, baina bere tamaina eta gogortasunagatik hauxe berezia da. Dena dela, hipotesi hau baieztatzeko ikerketa sakonagoa egin beharko litzateke.

Kuartzozko zati zuria lehen planoan.

Harriaren inguruan birak ematearen ohitura profanoaren jatorria ere ez dago oso argi, baina Jon Irazabal historialariaren ustez agian elizaren barruan zegoen ohitura kanpora atera zen. Garai horretan emakumeak San Antoniora joaten ziren mutil-laguna bilatzera eta horretarako sakristian zegoen oihal batean orratzak sartzen zituzten, buru zuridun orratzak ilehoriduna nahi izanez gero eta buru beltzdunak beltzarana nahi izatekotan (1, 4). Bira-kopurua zein biren noranzkoaren inguruan eztabaida dago ere, batzuren ustez 3 bira baitira eta ez 7, eta beste batzuk diotenez bikotekidea galtzeko alderantzizko noranzkoan eman behar dira. Bertsio bat ala bestea aukeratuta, tradizioak bizirik dirau eta San Antonio egunean (zein urteko beste egunetan) "meteoritora" ehunka pertsona hurbiltzen dira Santuari bere mesedeak eskatzera.

(3) Xabier Murelaga geologoaren komunikatzio pertsonala.
(4) Legarza, J. El altar de los exvotos. En La Sinfonía Incompleta de Urkiola. Páginas 331-333.