IBILBIDE GIDATUAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
IBILBIDE GIDATUAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2019/03/14

MUGARRA Harkaitzetako hegaztiak eta lore alpetarrak

Mugarra mendiaren sekretuetako batzuk erakutsiko dizkigun ibilbide eder eta erraz batera gonbidatu nahi zaituztegu. Mendi hau Urkiolako Parke Naturaleko biodibertsitate oasietako bat da. Prismatikoen eta teleskopio on baten laguntzarekin Parke Naturaleko sai arreen koloniarik handiena behatuko dugu eta zorte zein pazientzia apur batekin, sai zuri, belatxinga, belatz eta bestelako harkaitzetako hegaztien hegaldiez gozatuko dugu. Bisitaldia egitera maiatzean eta ekainean baldin bagoaz, ez dugu argazki-kamera ahaztu behar harkaitzetatik zintzilik dauden lore-multzo koloretsuen oroigarria eraman nahi badugu. Mugarrako malkar harritsuetan, glaziazioen garaitik biziraun duten goi-mendiko landare batzuk aurki daitezke, Alpeetako asterra horien artean.
Ibilbidea Landaederrako (Durango) aisialdi gunean hasiko dugu. Mugarrikolandako mendi-lepo ederreraino igo eta Mugarrako hegoaldeko horma handiaren parean, saien kolonia patxadaz behatzeko toki on bat bilatuko dugu. Handik gailurraren azpiko harkaitzetara joango gara bertoko landareak eta bestelako hegazti txikiagoak behatzera. Amaitzeko, eguraldiaren baldintzak aproposak baldin badira gailurreraino igotzeko aukera izango dugu.

Ibilbidearen datu teknikoak
  • Luzera: 7 km.
  • Desnibela: 500 m.
  • Iraupena: 5 ordu.
  • Abiapuntua eta amaiera: Landaederra (Durango).
  • Zailtasun fisikoa: Ertaina.
  • Zailtasun teknikoa: Ertaina.
  • Oharrak: Ibilbide hau urte guztian egin daiteke, baina garairik aproposena udaberria da, maiatzean eta ekainean bereziki. Prismatikoak eramatea gomendatzen da.

Datak, salneurriak eta kontaktua
  • Datak: Astelehenetik ostiralera urte guztian (abuztuan izan ezik).
  • Pertsona kopurua: 6ko taldea gehienez eta 4koa gutxienez.
  • Salneurria: 35 € pertsonako, Talde txikiagoek salneurria kontsultatu.
  • Gidaria: Zigor Arteaga, biologoa eta mendi ertaineko gidaria.
  • Kontaktua: HEMEN


2019/02/21

IRUATXETA Apaiz gerrillariaren koba

Ibilbidea Aramaioko Oleta auzo bukolikoan hasiko dugu, eta pagoz eta ametzez osaturiko Kondebasoko baso zoragarria zeharkatu ondoren Anboto mendiaren oinetara iritsiko gara. Jarraian Zabalandiko zelaietatik Urkiolako Parke Naturalean dagoen ikuspegi ederrenetakoaz gozatzeko aukera izango dugu. Han bertan, Iruatxetako igoera laburra eta ondoren Santa Kruz apaizaren kobara eramango gaituen bidea hasiko da. Istorioz beteriko pago zaharren artean goazela, ustekabean txoko ezkutu batean gorderik, harkaitzen artean, Aramaioko haran arabarrera balkoi modura zabaltzen den koba txikirako sarbidera helduko gara. Koba lasai ikusi eta agur esan ondoren Lezeagako zelai berde goxoak ongietorria emango digu. Azkenik, ibilbidea amaitzeko Ortutxoko errekastotik behera egingo dugu.
Txango honetan, XIX. mendeko bigarren erdialdeko karlistadan borrokatu zuen Santa Kruz apaiz gerrillariaren koba ezagutuko dugu. 1872an liberalek preso hartu zuten, baina bi egunetara Aramaioko udaletxetik ihes egitea lortu zuen. Baserritar baten laguntzarekin Iruatxeta mendian dagoen koba bateraino iritsi zen eta hiru egun ezkutatu egon ondoren Frantziara alde egin zuen.

Ibilbidearen datu teknikoak
  • Luzera: 9,5 km.
  • Desnibela: 550 m.
  • Iraupena: 5 ordu.
  • Abiapuntua eta amaiera: Oleta (Aramaio).
  • Zailtasun fisikoa: Ertaina.
  • Zailtasun teknikoa: Ertaina.
  • Oharrak: Ibilbide hau urte guztian egin daiteke, baina garairik aproposenak udaberria eta udazkena dira.

Datak, salneurriak eta kontaktua
  • Datak: Astelehenetik ostiralera urte guztian (abuztuan izan ezik).
  • Pertsona kopurua: 6ko taldea gehienez eta 4koa gutxienez.
  • Salneurria: 35 € pertsonako, Talde txikiagoek salneurria kontsultatu.
  • Gidaria: Zigor Arteaga, biologoa eta mendi ertaineko gidaria.
  • Kontaktua: HEMEN


2019/01/30

ESKUAGATX Azken hartzaren bidea

Mañaria herritik abiatuta, 1871an Bizkaiko azken hartza hil zuteneko leku ezkutua ezagutzeko aukera izango dugu. Hartza, Eskuagatx mendiaren ipar ertz ikusgarriaren erdian dagoen Ezkilar haitzaren babesean ibili ohi zen, Mañariar artzain batek hil egin zuen arte. Mendiz inguratutako paisaia zirraragarri batean murgilduta egongo gara, mendizale gutxiren eskura dagoena, bertara iristeko ez baitago bide nabaririk. Handik gora Urkiolako Parke Naturaleko paisaia geologiko ikusgarriena zeharkatuko dugu Akelarreko txabolara heldu aurretik. Bidearen azken zatian Saibi mendia gailenduko dugu eta bertoko ikuspegi zabalez gozatu ostean Urkiolako mendatean dagoen Parketxera joango gara eguneko azken sorpresaren bila... 
Eskuagatx mendia Parkeko mendirik ezezagunena da. Kareharrizko paisaia karstikoaren harkaitz bereziek eta goroldioz estalitako arte eta pagoek misterioz betetzen dituzte bere txoko guztiak, behe-lainoa dagoen egunetan bereziki.

Ibilbidearen datu teknikoak
  • Luzera: 10 km.
  • Desnibela: 1.100 m.
  • Iraupena: 7-8 ordu.
  • Abiapuntua: Mañaria.
  • Amaiera: Urkiola.
  • Zailtasun fisikoa: Handia.
  • Zailtasun teknikoa: Ertaina.
  • Oharrak: Zenbait tokitan, ibilbidea harkaitzen gainetik doa eta trepada txikiak egin behar dira, horrexegatik haitz artean ibiltzen ohituta egotea komenigarria da.

Datak, salneurriak eta kontaktua
  • Datak: Astelehenetik ostiralera urte guztian (abuztuan izan ezik).
  • Pertsona kopurua: 4ko taldea gehienez eta 3koa gutxienez.
  • Salneurria: 50 € pertsonako, Talde txikiagoek salneurria kontsultatu.
  • Gidaria: Zigor Arteaga, biologoa eta mendi ertaineko gidaria.
  • Kontaktua: HEMEN

2019/01/18

ANBOTO Mariren bizilekua

Anbotoko Mariren bizilekua ezagutzeko 2 ibilbide gidatu eskaintzen ditugu.
  • 1 ANBOTO Mariren kobara bisitaldia eginez (irailetik abendura).
  • 2 ANBOTO Zabalandiko lepo ikusgarritik (urte guztian).

Baserri zaharrez zipriztindutako Atxondoko haranean kokatuta dagoen Arrazola auzotik abiatuta, bi ibilbide hauetan Anbotoko gailurreraino igotzeko aukera izango dugu. Gailurrera igotzea ez da makala eta mila metroko desnibela gainditu behar da, forma fisiko onean egotea ezinbestekoa delarik.
Anbotok hainbat altxor gordetzen ditu bere baitan, horien artean ezagunena ekialdeko magal bertikal eta zirraragarrian kokaturiko Mariren koba da. Anbotoko Dama izenaz ezagutua ere, Mari euskal mitologiaren Jainkosa nagusia da, naturaren zaindaria eta artzainen abereen babeslea, opariak eramaten zizkioten kobazulora bere mesedeen truke.
Urte sasoiaren arabera pagoen edertasunez zein harkaitzetako landareen loraldiaz gozatzeko aukera izango dugu, hala nola zerura arretaz begiratu ezkero sai arreen hegaldi dotoreak liluratuko gaitu. Anboto, harkaitzetako beste hegazti askoren bizilekua da, belatz handia, sai zuria, belatxinga mokogorria zein mokohoria horien artean.
Ibilbide honetan Anbotoko beste txoko sekretu asko ezagutu eta bertoko naturaren bitxikeriak aztertuko ditugu.

Ibilbidearen datu teknikoak
  • Luzera: 11 km
  • Desnibela: 1.100 m
  • Iraupena: 8-10 ordu
  • Abiapuntua eta amaiera: Arrazola (Atxondo).
  • Zailtasun fisikoa: Handia.
  • Zailtasun teknikoa: Handia.
  • Oharrak: Mariren kobara bisitaldia irailaren 16tik abenduaren 31ra egiten dugu soilik, beste urte guztian, hegazti harraparien habiak direla eta, sarbidea mugatuta dago.
    Zenbait tokitan, ibilbidea harkaitzen gainetik doa eta trepada txikiak egin behar dira, horrexegatik haitz artean ibiltzen ohituta egotea komenigarria da.

Datak, salneurriak eta kontaktua
  • Datak: Astelehenetik ostiralera urte guztian (abuztuan izan ezik),
  • Pertsona kopurua: 4ko taldea gehienez eta 3koa gutxienez.
  • Salneurria: 50 € pertsonako, Talde txikiagoek salneurria kontsultatu.
  • Gidaria: Zigor Arteaga, biologoa eta mendi ertaineko gidaria.
  • Kontaktua: HEMEN